“Oporrak” bukatu dira…

… eta hemen gaude berriz ere bueltan.

kiku

 

Zer moduz zaudete? Eta nire txikitxoak? Badakit batzuk topera ibili zaretela seme-alabekin jarduerak egiten, material desberdinak prestatzen beraiek jolasteko… Oso ondo gurasook, segi horrela.

Momentuz gaurko argitarapena opor aurrekoen harira egingo dut. Baliteke zerbait berria proposatzea baina izango duzue horren berri.

Oraingo honetan HIZKUNTZAri buruz ihardungo dugu.

Hitz egiteko gaitasuna gizakia eta beste espezien arteko ezberdintasun nabariena da. Hizkuntzak ideiak, oroitzapenak, ezagupenak, nahiak… , kanporatu eta barneratzea ahalbidetzen du; beste gizon eta emakumeekin zuzenean harremanetan jartzea errazten du, komunikatzeko baliabide nagusia izanik.

Haurrak hasiera hasieratik bere inguruko munduarekin komunikatzeko gogoa du eta entzuten dituen hotsak errepikatzen saiatzen da, gogo hori handia ala txikiagoa izanik motibazio eta atsegin mailaren arabera. Txikitatik, haurrari elkarrizketa atsegin zaio, helduekin hitz egin nahi du, ahal duen guztia egiten du entzun diezaioten eta haserretzen da lortzen ez duenean, erantzun guztiak bilatzen ditu eta bere inguruan esaten dena erne aditzen du. Helduak haurrari begira gertaera hurbiletaz hitz zehatzak erabiltzen ditu esaldi labur eta errazak sortuz eta hau guztia giro afektiboz inguraturik;  azken hau ahozko komunikazioan oinarrizko eta ezinbesteko elementua delarik. Haurra eta helduen artean harreman eta komunikaziorik ez dagoenean komunikatzeko gaitasunen garapena gelditu egiten da; beraz, haurrak hitz egiteko gaitasun biologikoak izateaz gain, inguru sozial egokia behar du, afektibitatea oso garrantzitsua baita hizkuntzaren lorpenean. Komunikatzeko gogoa izatea ala ez bere inguruko pertsonekiko (gurasoak) harreman on edo txarren araberakoa da; afektibitatea egonez gero, helduen mezua arretaz entzuten da identifikazioa baitago eta beraiek imitatzen eta beraiengandik ikasten saiatzen da. Afektibitate falta dagoenean isiltasunean murgil daiteke.

Hizkuntza haurraren sozializazio prozesuan beharrezkoa da inguruan egokitu eta integratzen laguntzen baitio. Haurrak bere inguruko balore, sinismen, iritzi, ohiturak jasotzen ditu eta beragandik itxaroten dena eta besteengandik zer espero dezakeen ikasten hasten da eta honen arabera egoera bakoitzean moldatzen daki. Eredu kultural hauek aho hizkuntzaren bidez transmititzen dira. Haur batentzat sozializazio eragileak familia, eskola, senitarteko hurbilak, auzokoak eta komunikabideak dira, familia lehenbiziko eta garrantzitsuena izanik. Lehen arau eta jarrera ereduak familia inguruan jasotzen ditu, bertan nortasunaren egitura eta haurraren gizartearekiko jarrera eta portaera garatzen direlarik. Ikastetxean hastea sozializazio ibilbidean pausu inportantea da: beste haurrekin eta irakaslearekin harreman aktiboa hasten du. Eskolak funtsezko zeregina du ezagupen eta adimen-ohiturak zein gizartearen baloreak transmitituko bait dizkio.

Hizkuntzaren garapena bi etapa oso ezberdinetan banatzen da: aurrelinguistika bata eta linguistika edo ahozkoa bestea. Hasieran haurra keinu eta mugimenduez komunikatzen da arreta bereganatu, erantzun bat lortu edo jarrera bat adierazteko asmoz. Laster, lehen hitzak esan aurretik, helduen hizkuntza beregana zuzentzen direnean ulertzen hasten da. Poliki-poliki, entzuten dituen hotsak errepikatzeko gogoa azaltzen du: laleo edo balbuzeoen etapa da; honetan haurrak silabak lasaiki igortzen ditu (bor-borra)

#Lehen hilabetea:

Zaratarekiko sentikortasuna erakusten du. Soinuak bereizten ditu. Negar egiten du. Hots guturalak emititzen ditu. Soinu begiratzearen fasea hasten da. Bizitasun gutxi dauka aurpegian, begirune goibela, zeharrekoa.

#Bigarren hilabetea:

Espresioa: begiratze zuzena eta zehatza. Ezagunei begi atseginez egiten die irrifarre.

 Artikulazioa: a,e,u bokalak emititzen ditu.

 Soziabilitatea: hasierako erantzun soziala.

#Hirugarren hilabetea:

Artikulazioa: soinu asko emititzen ditu, marmar eta koloka egiten du.

Soziabilitatea: Erantzun soziala ahozko espresioaren bitartez ematen hasten da.

#Laugarren eta bostgarren hilabeteak:

Espresioa: Arnasa hartu eta barre egin, gogor egiten ditu. Zarata guztiak adi adi entzuten ditu eta batik bat gizakiaren ahotsa.

Soziabilitatea: bere kabuz egiten du barre.

#Seigarren hilabetea:

Artikulazioa: Oihuak eta purrustadak egiten ditu eta bere kabuzko berriketak ere bai. Soziabilitatea: soinuak entzutean burua soinuak datozen tokirantz mugitzen du. Irribarreak egiten ditu eta berriketan aritzen da.

#Zazpigarren hilabetea:

Artikulazioa: Sarritan -mmm- ezpain hotsa emititzen du negar egiten duenean eta silaba askotako bokal hotsak emititzen hasten da.

Soziabilitatea: Gizarteko ingurunearekin harremanak dauzka.

#Zortzigarren hilabetea:

Artikulazioa: ba, ka eta de moduko silaba bakunak artikulatzen ditu.

#Bederatzigarren hilabetea:

Artikulazioa: da-da esaten du edo antzeko zailtasuna duten silabak. Soinuak imitatzen ditu.

Ulermena: bere izena entzutean erantzun egiten du.

#Hamargarren hilabetetik aurrera:

Artikulazioa: ahoko muskulu guztiak erabiltzen ditu.

Ulermena: txalo egiten du, agur esaten du, bere izena ulertzen du eta ukapenak ere bai. Hiztegia: lehenengo hitzak ahozkatzen ditu bat edo bi. Sistematikoki imitatzen du.

#Hamabi hilabete:

Hiztegia: bi edo hiru hitz ahozkatzen ditu.

Ulermena: erakarri egiten dioten objektuak eskatzen ditu keinuak eta hitzak erabiliaz. Jostailuak eskatzen zaizkionean erakutsi egiten ditu.

#Hamahiru-hamabost hilabete:

Ulermena: zenbait objektu izenaz adierazten ditu.

Hiztegia:  hiruzpalau hitz ahozkatzen ditu. Haurraren jerga hasten da.

#Hamabost-hamazortzi hilabete: 

Hiztegia: bost hitz esaten ditu, bere izena barne.

Behaketa: liburuekiko lehenengo harremana hasten da. Marrazkiak ukitzen hasten da. Soziabilitatea:  “ta-ta” esaten du edo antzerakoa, seinalatu egiten du eta berriketan aritzen da.

#Hamazortzi-hogeitabat hilabete:

Ulermena: galdera asko egiten ditueneko lehenengo adina hasten da, gauzen izena jakin nahi du: Hau zer da?

Hiztegia: hamar bat hitz ahozkatzen ditu: objektuak eta marrazkiak izendatu eta seinalatzen ditu.

#Hogeitabat hilabetetik bi urtera arte:

Ulermena: hiru aginduri erantzuten die.

Hiztegia: hogei bat hitz.

Mintzamena:  bi edo hiru hitz konbinatzen ditu bere kabuz esaldi gramatikalak eginaz. Soziabilitatea: Dena eskatzen du. Besteek esaten dituzten azkenengo hitzak maiz errepikatzen ditu.

NOLA ERRAZTU AHO HIZKUNTZA

Aho hizkuntza ikasteak motibazio maila, beste pertsonekiko harremanak, teknika… behar ditu.
Lehenbiziko hilebeteetan, gurasoek, irribarrez eta keinuz haurrari gustatzen zaizkion mihi eta ezpainez egiten dituen zaratak onartu behar dituzte eta bere inguruan dauden gauza zein helduek sortzen dituzten soinuak imitatzera eta bokalizazioak egitera animatu behar dute. Jolasa hizkuntzaren garapena errazten duen iharduera bat da. Haurrek jolasten duten bitartean etengabe hitz egiten dute: “Hizkuntza eta jolasa beti loturik”. Haurrari, hitz egiten hasten denean, hizkuntzarekin jolastea atsegin zaio: soinu eta hitzak desitxuratzen ditu; ezpainak itxirik ala ahoa zabalik hitz egiten du; hitzak alderantziz esaten ditu. Guzti honek ahozko hizkuntza bereganatzen laguntzen dio. Eskola funtsezkoa da hizkuntzaren garapen eta hobekuntzan batez ere familian pobreturik dagoenetan. Zentzu honetan esan behar da gelaren disziplina, denboraldi batzutan ixilik egotearen beharra, txarra izan litekeela, batez ere lehen adinetan. Haurrei galdetzeko, beren iritzi eta erantzunak emateko denbora emateak komunikazioa erraztuko du.

JARDUERAK: 

Mota desberdinetako jarduerak proposatuko dizkizut.

Hurrengo jarduera umearen arreta lortzeko da. Ea nola moldatzen zaren eta helburua lortzen duzun.
1)  Hizkuntzaren mundu sekretua.

#Jolas honen garrantzia: Umearen lehen urtebetetzea hurbil dagoenean, haurra gai da hitz sinple batzuk emititzeko. Hitza baino lehenago, mugimendua baldin badago, komunikatzeko modu bat adierazten du. Horrela, adibidez, umeek beraien besoak altxatzen dituzte helduaren arreta erakartzeko edo beraien hitzen erantzun bezala. Ondoren lau txakurrean egingo du bere albora joan ahal izateko.

#Zer behar dugu? Espazio zabala askatasun osoz mugitu ahal izateko eta alfonbra edo koltxoneta bat lurrean etzan ahal izateko.

#Nola egin? Eseri ezazu umea zure triparen gainean begietara begira. Doinuak emititu ditzakezu umeak errepikatu ditzan. Lagundu iezaiozu umeari zure tripa gainean pausu txikiak ematen. Aldi berean ekoiztu soinuak zuen arteko komunikazioan egiten ari zareten jolasari lotuta. Ikusiko duzu nola umeak izugarri disfrutatzen duen; barre eginez eta zuk esandakoa errepikatzen saiatuz.

umea barriga
Hurrengo jolasarekin ikus-harremana eta behaketaren lorpena landuko dituzu.
2) Haurrak helduaren hitzaren aurrean mugimenduez erantzungo du; heldua edonon baina haurrarengandik gertu dagoelarik.
Tresnak: txintxirrina, txilinak, musika tresnak, ateak jotzea, ahotsa, zarata egiten duen objekturen bat.
Nola egin? Haurrari honelako gauzak esango dizkiozu: “Kaixo polit hori, nola zaude laztana?…”,  Lehendabizi hasi zaitezke zarata egiten haurraren aurrean eta gero beste edonon baita umearen atzean ere. Umea zu bilatzen hasiko da eta ziurrenik aurkituko zaitu. Ahalegin hori musukatuz,  laztanduz, hitz gozoekin, irribarrez,…  errefortzatuko duzu.

soinua

Hurrengo jarduerarekin ikus-bereizketaren lorpena landuko duzu.
3) Haurrak bere ikus-eremuan mugitzen den zerbaiti begiratuko dio tartetxu batean.
Tresnak: kotxeak, hegazkinak, pilotak…
Nola egin? Objektua lurrean jarri eta mugiarazi egingo duzu. Haurrak buruaz, mugitzen den tresnaren bidea jarraitzen du? Helburua lortutzat hartuko da umea objektua mugimenduan egon den tartean begiradaz jarraitzeko gai izan bada. Ezezko kasuan segi saiatzen, ziurrenik lortuko du eta!

pelota

Hurrengo jarduerarekin keinu imitazioaren lorpena landuko duzu.
4) Haurrak honelako ekintza sinpleak imitatuko ditu: txalo jotzea, bere buruan zapladatxoak ematea, agur esatea…
Nola egin? Heldua haurraren aurrean jarriko da eta adibidez txaloak joko ditu. Ea haurra animatzen den gauza bera egitera. Egiten ez badu ahal dituzu bere eskuak hartu eta zeuk lagundu keinua egiten Laguntza hori gutxitu ahal izango da ekinaren ekinez umeak bere kabuz imitatu arte, nahi baldin badu, noski. Ondoren, ariketa beste ekintza sinpleekin errepikatzen da: burua ikutzea… Helburua lortutzat har daiteke haurrak mugimendu hauek errefortzurik gabe burutzen dituenean.

txalo

Argi dago gure txikitxoek zerbait egitea lortu nahi badugu pazientzia eta ekinaren ekina funtsezkoak direla. 

Jaso duzu informazioa, jolastu duzue pixka bat. Goazen orain gorputza mugitzera eta egindakoa praktikan jartzera. Abesti hauek keinuak lantzeko oso aproposak dira. Ea imitazioz lortzen duzun  umeak zuk egiten duzuna egitea. Zeuon artean komunikazioa sortzea.

 

 

 

 

 

 

 

 

Nola joan dira keinu horiek?

Buffffaaaa zenbat dantza, jajajaja. Orain lasaitasun pixka bat eskertuko duzue ezta? Zer hobeto bukatzeko, ipuintxo polit hau entzun eta ikustea baino. Gozatu ezazue.

 

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s